Kontsumoa

1.- ZER DA KONTSUMITZAILEEN INFORMAZIORAKO UDAL BULEGOA (KIUB)?
KIUB kontsumitzaileentzako zerbitzu bat da, erabat DOAKOA, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak bere eremuan bizi diren herritar guztiei eskaintzen diena.

2.- ZERTARAKO BALIO DU KIUB EK?
• Kontsumitzaileei beren eskubideen berri emateko: ondasunak erosi edo zerbitzuak erabiltzen dituztenean nola babestu kontsumitzaile eta erabiltzaile gisa dituzten eskubideak.
• Bitartekaritza lanak egiteko: ahaleginak egiten dira kontsumitzaileak eta saltzaileak, elkar hartuta, akordioa lor dezaten.
• Kontsumitzaile eta erabiltzaileen kexak eta erreklamazioak tramitatzeko: harremanetan jartzen gara saltzailearekin, kasuaren berri ematen zaio, eta, hala badagokio, dagozkion entitate edo erakundeetara bidaltzen da informazioa.
• Erreklamazio orriak tramitatzeko: beharrezkoa denean, administraziora bidaltzen dira orriok.
• Kontsumo arloko hezkuntza eta prestakuntza jarduerak egiteko: hitzaldiak, lehiaketak, prentsarako artikuluak eta abar.
• Kontsumo arloko zentro publiko edo pribatuen helbideak eta eginkizun nagusiak adierazteko.

3.- ZEINEK ERABIL DEZAKE KONTSUMITZAILEEN BULEGOA (KIUB)?
• Ondasunak erosi edo zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsonek, betiere haiek badira azken hartzaileak.
• Beraz, azken hartzaileak izan gabe ondasunak erosi, biltegiratu edo kontsumitzen dituzten pertsonek eta zerbitzuak erabiltzen dituztenek ezin dituzte KIUBeko zerbitzuak erabili.
• KIUBek erreklamazioetan esku hartu ahal izateko, erreklamatzaileek mankomunatutako udalen batean erroldatuta egon behar dute.

4.- KIUB EK NOIZ EZIN DU ESKU HARTU?
• Partikularren arteko harreman pribatuak direnean.
• Bide judizialean hasita dauden gaiak direnean, edo epai judiziala jaso duten gaiak direnean.
• Erreklamazioa administrazio publiko baten aurkakoa denean.

5.- NOLA EGIN KONTSULTA, KEXA EDO ERREKLAMAZIOA?
• Kontsultak aurrez aurre atenditzen dira, bai eta telefonoz, posta elektronikoz, gutunez edo faxez ere.
• Kexa edo erreklamazioa aurkezteko, herritarrek bi aukera daukate: aurrez aurrekoa, KIUBeko bulegoetara etorriz, aurretiazko hitzordua eskatuta; edo posta elektronikoaren bidezkoa.