Uribe Kostako hizkuntza ondarea eta ondare etnografikoa bildu eta zabaltzeko proiektua

Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak eta Getxoko Udalak hitzarmena izenpetu zuten 2005eko uztailaren 7an, Getxon, hizkuntzaren eta kulturaren arloko proiektu jakin bat batera eramateko aurrera. Hauxe da proiektua: Getxoko eta Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko herri guztietako hizkuntza-ondarea eta ondare etnografikoa bildu, sailkatu eta material didaktikoa sortzea*.

Sortu den materiala txertagarria da Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako umeentzako Euskal Curriculumean; eta materiala euskarri informatikoan eta paperezkoan aurkeztuko da.

Gizakien eta gizarteen ezaugarrietariko bat kultura-ondarearen belaunaldirik belaunaldiko transmisioa da. Gurasoek, seme-alabei, eurek ikasitako ohitura eta ikusmoldeak, uste-sinesmen eta jokabideak irakasten dizkiete. Baina gaur egun hori ez da bete-betean horrela, eta ahozko transmisio hori eten egin da. Hau da, lehen etxean gurasoengandik ikasten zirenak, orain eskolan irakasten dira, eta familiek betetzen duten gizarteratze-funtzioa gaur ume-eskolek egiten dute.

Horren ondorioz, desagertze bidean daude mendeetan zehar herri-pentsamoldea osatu duten elementuak, eta gure arbasoengandik, gizaldiz gizaldi, naturaltasunaz hartu izan ditugunak. Galtze hori Euskal Herrian nabariagoa da; izan ere, gizarteak aldaketa-prozesu arina eta sakona bizi izan du. Jendearen bizimodua aldatu egin da erabat, bizimodu modernoak tradizionala zapaldu du, ito. Tradiziozko ogibideak, lan-prozesuak, ohiturak, sineskerak, lexikoa... mundu bat, azkenean, joan zaigu, eta zer esanik ez, hizkuntza bera.

Ondare hori modu sistematikoz eta metodologikoz batu ezik, betiko galduko dugu. Gure Euskal Herri honetako benetako lekukoak joan doaz, eta eurekin daramate gure herriari nortasuna ematen dioten kultura eta hizkuntza-aberastasuna.

Horregatik, bada, berandu baino lehenago, heldu egin diogu egitasmo kultural eta linguistiko honi. Halatan, ahoz bildutako materialaren ikerketaren bidez helburu nagusi hori bete ahal izango dugu: herri-jakituria eta kultura-tradizioa bildu, bere aberastasunari eutsi eta iraunarazi, ondarea landu eta azkenean belaunaldi berriei transmititu, aurrekoak izan ziren moduan ondorengoak ere, kate luzearen kate-begiak bezala, altxor horren jabe eta jagole izan daitezen.

*Oharra: Erandio eta Leioa ere, 2008 urtean, tokiko euskaldun zaharrei grabaketak egiten ari dira.