Albisteak

Birziklapenaren totema: berrerabilitako egurrezko paletetatik eta hautatutako hondakinetatik sortuak, herritarrak birziklatzeari buruz informatzeko eta sentsibilizatzeko.

Hondakinak prebenitzeko Aste Europarraren baitan, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak, eskualdeko hondakinen gaikako bilketa igotzeko helburuarekin herritarren kontzientziaziorako kanpaina bat antolatu du.

Gaur egun, estatuko eta eskualdeko araudiek ezarritako birziklatze helburuetatik urrun gaude, horregatik,  Mankomunitateko Iraunkortasun Sailak, EKOGUNEk, hondakinen bereizketa jatorrian modu egokian egitea eta hondakinak edukiontzi egokian sartzea, bultzatu nahi du.

Eguneroko bizitzan gure etxeetan sortzen ditugun hondakinei buruzko zalantzak sortzen zaizkigu askotan, batez ere, hondakinak ze edukiontzi motatan bota behar diren.

Zalantza horiek argitzeko, Totem pare bat jarriko dira, berrerabilitako zur-paletetatik eta hautatutako hondakinetatik sortuak.

Kanpaina Berangon hasiko da, Sabino Aranan Totem-ak jarrita, metro geltokiaren inguruan.

Hurrengo hilabeteetan, totemak Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatea osatzen duten 7 udalerrietan zehar jarriko dira.

Beraz, kalean ikusgarritasun handia duen birziklatzeari buruzko ekimena da. Gainera, Totem horretan bertan agertzen den QR kodearen bidez, "BIRZIKLATU, zalantzarik gabe" izeneko informazio-liburuxka (erantsita) deskargatu ahal izango da.

Eskuorri horretan adibidez, CDak, DVDak eta jostailuak plastikozko ontzien edukiontzi horira bota behar ez direla argitzen da, edo eta brikak ez direla edukiontzi urdinera botatzen baizik eta horira.

Baita ere, informatzen da, organikoaren gaikako bilketarako sisteman (edukiontzi marroia) izena eman nahi izanez gero, dagokion Udaletxera jo behar duela. Etxeko hondakin organikoen banaketa premiazkoa da, gaikako bilketako helburuak lortu ahal izateko.

Hori dela eta, gure eskualdeko herritarrei dei egin nahi diegu, eguneroko ohiturak aldatzen joateko eta gure etxeetan sortzen ditugun hondakinak jatorrian bereizteko. Legeria betetzeaz gain, mundu hobe eta osasuntsuagoa izango dugulako.